XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alfabetatzea euskaraz ulertzen eta hitzegiten duen pertsona helduari zuzentzen zaio.

Alfabetatzearen oinarrizko maila, ordea euskaldunzahar helduari.

Dena dela, oinarrizko bereizketa horrek ez du dena argitzen.

Izan ere, euskaldunzahar helduen multzoa ez da homogeneoa, euskara, kultura, lanbide eta adin desberdinetako pertsonek osatzen bait dute.

Eta, jakina, pertsona horien premiak eta interesak ez dira berdinak alfabetatzerakoan.

Horiek horrela, programa hau lanbidez edo gustuz idatzi behar ez duen euskaldunzaharrari egokituko zaio.

Euskaldunzahar horrek oso gutxi idazten du.

Gaurko gizartearen giroak eta antolamenduak ez diote alor horretan behar handirik sortzen, ez aparteko zereginik eskatzen.

Ikasketak amaituz gero, eta lanbideak eskatzen ez diolarik luma ez du gehiegi dantzatzen.

Izan ere, alde batetik telefonoak, eskutitza edo gutuna ia baztertu egin du; bestetik, ia guztia idatzia eskaintzen da izenpetzea bakarrik falta delarik.

Hala ere, tarteka-marteka, zenbait gauza labur idatzi beharrean aurkitzen da.

Irakurri ere, gutxi irakurtzen du.

Geroz eta irakurle gutxiago ematen du gizarte-mota honek.

Eta inoiz ohiturarik eta zaletasunik izan duenari ere ahultzen ari zaizkio nonbait.

Izan ere, gauerregun kulturaren eta informazioaren parterik handiena komunikabideen bitartez jasotzen da, eta jende gehientsuenaren kultur eta informazio-iturria telebista eta irratia dira, prentsa idatziak eragin apalagoa duelarik.

Gehiengoak ikus-entzunezko kultura du.

Bestalde, nahiz eta gutxi irakurtzen duen eta gutxiago oraindik idazten, irakurketa eta idazketa-teknikak menderatzen ditu egungo jendeak.

Teknika horiek gazteleraz jaso ditu, ez da analfabeto hutsa.

Gazteleraz dituen trebetasun horiek baliagarriak dira euskaraz alfabetatzerakoan.

Euskaraz alfabetatugai den euskaldunzaharrak, hiztuna denez, euskaraz badaki.

Batzuetan, gehiegitan zoritxarrez, dakiena ez du erabiltzen.

Dituen trebetasunen eta erabileraren artean desoreka izugarria dago, euskararen kalterako.

Baina, euskaraz dituen trebetasunek, bestalde, muga eta ezaugarri bereziak dituzte.

Ulermenari dagokionez, badu entzutezko ulermena, batez ere, inguruko hizkera entzuten duenean.

Baina entzuten duena bere hizkera hurbiletik urruntzen den neurrian, hau da, beste euskalkietako hizkera entzutean edo hizketa gaiak euskara landuagoa eta aberatsagoa eskatzen duenean, ulertzeko zailtasunak sortzen zaizkio.

Zailtasun hori nabaria da, adibidez, informatiboak entzuten dituenean.

Irakurrizko ulermenari dagokionez, arestian esanak aipatu behar dira.

Orokorki, gutxi irakurtzen du, erdaraz baino askoz gutxiago euskaraz, eta euskaraz irakurtzeko zailtasun nabariak ditu.

Euskaraz eta gazteleraz idatzirik eskuratzen zaion testua, gehienetan, gazteleraz irakurtzen du.

Hala ere, euskara errazean idatzitako testu laburren hari nagusia jasotzeko gai da, nahiz eta zenbait hitzen esanahi zehatza jasotzeko gai ez izan.

Dena dela, irakurketaren arazorik sakonena ez da irakurmenarena, kultur mailarena baizik.

Alfabetatze-lanak ezin dezake, inolaz ere, berak bakarrik, arazo hori konpondu.

Mintzamenari dagokionez euskaraz hitzegiten badaki.

Bere herriko hizkeran mintzo dituen aberastasun, hutsune, akats eta berezitasunekin.

Zenbait gai ikutzean gaztelerara jotzen du, hiztegi alorrean sortzen zaizkion zailtasunengatik.

Bestalde, pertsona batzurekiko harremanetan eta giro edo une konkretuetan gaztelera erabiltzeko ohitura du eta zaila gertatzen zaio joera horiek baztertzea eta aldatzea.

Haurrei euskaraz egiten saiatu arren, erdera gehiegi erabiltzen da euskaldunzaharraren ahotan.

Jakitetik erabiltzera jausi handia dago euskal gizartean.

Askotan, euskaldunzaharrak berak darabilen herriko hizkera txartzat jotzen du, euskaraz gaizki egiten duela uste duelarik.

Sarritan, beste hizkerekiko konparaketak egiten ditu, arinegiak gehienetan, zenbait hizkeraren garbitasuna eta dotorezia goraipatuz.

Eta zenbaitek, itxura denez, euskara aseptiko eta hotza du eredutzat.

Dena dela, herriko hizkera traketsa eta pobrea dela uste duen euskaldunzaharrik bada gure artean.

Eritzi hori arrazoitzea eta behar den moduan bideratzea garrantzizkoa da.